Lourdes Txikikoaren harira Enrique Ramos gezurretan

Lourdes Txikikoaren harira Enrique Ramos gezurretan

Gaurko prentsan irakurri ahal izan ditugu Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren adierazpenak eta zur eta lur gelditu gara. Gezurrak bata bestearen atzetik esan omen ditu eta horrek gure haserraldia eragin du. Umeen eta zuhaitzen artean aukeratzeari buruzko demagogia antzu bezain penagarria aparte utzita, esandako gezurrak banan bana ezeztatuko ditugu.

Lehenik eta behin, premiazko eta larritasun handiko segurtasun kontua zela esan du. Ekintza Ikastolatik ordea, urteak zeramatzatzen lur-jauzi eta zuhaitzen zein adarren arriskuen kexu agertzen eta eskari ugari eginak omen zituzten. Duela 4 urte, 2013an hain zuzen ere, zuhaitz edo adar handi bat erori omen zen Ikastolako pilotalekuaren teilatura. Orduan, Udalak haientzat lan egiten duen lorategi-enpresa bidali zuten “partxeo” bat egitera, eta ordutik zuhaitz batzuk altzeiruzko kablez lotuta omen zeuden. Beraz, 20 urteetan Udalak ezer gutxi egin du, ezta azken 4 urteotan, arriskua bizia zirudienean ere. Orain, egin denean, premiazko eta berehalakoa behar zuen.

Segurtasuna aipatzen da, baina ez zitzaien neurri zehatzik exijitu, ezta lanak baldintzatu. Zaindu ez ziren egin ere eta, ondorioz, egungo egoera are arriskutsuago bezain kezkagarriagoa da. Enrique Ramosek berak aitortzen du arriskua. Nola da posible? Ez al du berak, agindua sinatu zuenak ardurarik ala? Orain lur galera eta lubizi arriskua askoz handiagoa da. Pista sare zoroak urratu du lurzorua eta malda eusten zuen landaredia sutsitu eta desagertarazi dute. Eurite handiak etorriz gero zer gerta liteke? Espero ez etortzea badaezpada ere. Umeen segurtasuna bermatze aldera lanak aste santuan egitekoak omen ziren. Bi aste horiek pasata, astelehen eta asteartean, lana geldiarazi zuten arte, hondeamakina eta arrastradorea lanean aritu ziren eskola-orduan eta geuk ikusi ahal izan genuen harritzarra erortzen goitik behera. Zorionez gelditu zen eskolara iritsi aurretik. Den-dena ardugabekeri galanta. Baina zalantzarik gabe gehien sumindu gaituena Enrique Ramosek adinako eta eite handiko zuhaitzak zeudela ukatu izana da. Gutxietsi egiten ditu udal teknikariak, ingurumenekoak zein hirigintzakoak, basozainak eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta barre egiten digu aurpegira horrelako gezurrak esanda. Udal planeamenduak basoa babesten zuen balio ekologiko zein paisajistiko handia zuelako. Ez dago bertako haritz gehiegirik Gipuzkoan ehun urte gorakoak, eta horiek baziren, dendrokronologiak (enborraren eraztunak zenbatu ditugu eta edonork egin dezake hara joanda) esan digulako. Zonaldeko antzinako argazkiak ikusita ere ondorioztatu daiteke eta 1945an ederki asko ikusten ziren goi-aldeko haritz sendoak. Beraz, gezurretan aritu zaigu eta aurretik salatu genuen arduragabekeriari gehitzen badiogu, egoera jasanezina da. Enrique Ramosek kargua utzi beharko luke edo, osterantzean, Alkateak, Eneko Goiak, kargutik kendu.

Haritzaldek eskatzen duena:

1. Mozketa behin betiko bertan behera uztea eta magala aurtengo neguan (abenduan) bertan landatzea bertako hazitik etorritako zuhaitzak erabiliz (besteak beste haritzak, lizarrak, gereziondoak, gaztainondoak, astigarrak, erramuak, urritzak, otsolizarrak, makatzak, sagarminak eta gorostiak erabiliz).

2. Urratutako pistak ahalik eta azkarren lehengoratzea lurra berreskuratuz eta finkatuz (jakina, landatu aurretik).

3. Ikastolak duen lurjauzi arriskua murrizteko dagokion azterketa eta proiektua gauzatzea, betiere magal hori babestuta dagoela kontuan harturik.

4. Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen Departamentutik zein Donostiako Udalaren aldetik zigor espediente bana irekitzea eta lursailaren jabeei zigor eredugarria ezartzea. Ez dadila izan ateratako egurraren balioa baino txikiagoa, ezta parekoa, horrelakorik errepikatu ez daitezen.

5. Egun lursailak duen babes-maila bere horretan mantentzea.

6. Enrique Ramos, Hirigintzako Zinegotziaren dimisioa. Saila horren baitan barne-ikerketa irekitzea eta ardurak argitzea eta inplikaturiko pertsonei espediente zigortzailea irekitzea edota kargutik kentzea.

7. Fiskaltzari balizko delituak ikertzea.

 

Donostian, 2017ko maiatzaren 16an.

Texto completo (PDF).

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.