EHUN BAT LAGUN 260 ZUHAITZ LANDATU DITUZTE ERREKATXULON

  • Zuhaitz-landaketa

EHUN BAT LAGUN 260 ZUHAITZ LANDATU DITUZTE ERREKATXULON

Orain URA eta Donostiako Udalaren esku dago Errekatxuloko errekastoa lehengoratzea eta naturalizatzea.

Larunbatean 100 lagun inguru elkartu ginen Añorgan bertako zuhaitzak landatzeko. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak berreskuratu nahi du Errekatxulo errekastoa eta lehen urratsa ibaiertzeko basoa birlandatzea zen, momentuz ezkerraldean haritzak, lizarrak eta gereziondoak landatu ditugularik. Lanean ari gara URA, Uraren Euskal Erakundeak eta Donostiako Udalak elkarlanean kanalizaturiko erreka lehengoratu eta naturalizatu dezaten. Esan beharra dago, Udalaren ekimenez errekasto berean, beherago, URAk asmo horrekin diharduela eta lehen metroak naturalizatu dituela, eskubialdean gainera anfibioentzat putzu bat eraikinez. Haritzaldek goi parterako horixe bera nahi du, errekastoa berreskuratzea eta ondoko zelaian hezeguneak sortzea, hura Udalari eskatu diogularik.

Zuhaitzak eta basoak, bertakoak, ezinbestekoak ditugu, are gehiago bizi dugun larrialdi klimatiko eta ekologiko honetan. Geratzen zaizkigun berdeguneak babestu behar ditugu eta degradaturiko eremuak berreskuratzeko ahalegin berezia egin beharra dago. Zuhaitzek uste baino gehiago ematen digute. Berdeari bizitza dario eta gu biodibertsitate horren parte bat garela ezin dugu ahaztu.

Giro aparta izan zen goiz-goizetik eta gure deialdiari erantzunez dozenaka lagun eta familia elkartu ziren festa bat moduan bizi izan genuen jarduera. Hainbat Elkartetako eta herri mugimenduetako jendea ere gerturatu zen haien babesa emateko, hala nola Fridays For Future, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Donostia Defendatuz, Naturkon.

Belartza Goikoak eta Errekatxulok Unanue Landa Parkeko zati izan behar dute eta parkea legealdi honetan egi bilakatu nahi dugu. Añorgatarren aspaldiko aldarrikapena da eta naturzaleon helburua. Lagunduiguzu!

Bihotz bihotzez MILA ESKER laguntzera hurbildu ziren guztioi!! Gustura asko ibili ginen eta goiz zoragarria izan zen. Mila esker!
Ezin ahaztu Juantxo Taberna. Elkartearen horrelako ekintzak babesteaz gain, sekulako hamaiketako goxua eskaini baitzigun. Eskerrik asko lan-talde osoari!

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.