Berriro ere erasoan Lourdes Txikin

Berriro ere erasoan Lourdes Txikin

Gaur, atzo Biodibertsitatearen Eguna ospatu ostean, herritar askoren harridura eta haserrerako motozerren burrunba itzuli da Lourdes Txikira. Txikizioaren ostean lanak geldituta zeudela uste genuen, baina goizean dozena erdi zuhaitz bota dituzte bertan eta berriro ere umeak eskolan zeudela makina astuna, arrastradorea maldan gora eta behera ibili da. Badirudi segurtasunak orain ez duela lekurik segurtasunaren izenean agindutako triskantzan. Antza denez, Udalaren Ingurumen Departamenduaren irizpideen aurka eta Gipuzkoako Foru Aldundiko inolako baimenik gabe ekin omen diote lanari. Lehengo astean Hirigintzako Zinegotziak gezurretan aritu zitzaigun eta lanak ez zeudela geldituta adierazi zuen. Behar bada Enrique Ramosek berak hasteko agindua eman die. Hala balitz, oraindik larriagoa irudituko litzaiguke, jarrera egoskor bezain despotaren seinale bailitzateke.

Edozein kasutan ere, ez zaigu serioa iruditzen orain, gerora, lursailaren jabeei malda egonkortzeko plana kontrata ditzaten eskatu izana. Lehenbizi zuhaitz guztiak moztu eta mendia suntsitu eta gero egonkortasuna bermatzeko zer egin pentsatzeko agintzea ere! Gaurkoan ere agindutako 50mko “segurtasun” gerria finkatu gabe zegoen eta zuhaitzak bere kaxara mozten aritu dira harik eta berriro mozketa Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak eten dituen arte.

Hirigintza Iraunkor izena daraman Udal Departamentuak ikaragarri kaltetzen ari da ingurumena. Ez al dio Enrique Ramosi lotsarik ematen? Mesedez, gezur gehiagorik ez.

Haritzaldek eskatzen duena:

1.- Zuhaitz mozketa etetea, pistak lehengoratzea eta, neguan, lursaila birlandatzea bertako zuhaitzekin.
2.- Lursailak zuen babes mailari eustea.
3.- Ingurumen Fiskaltzak balizko delituak ikertzea.
4.- Donostiako Udalak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak jabeari zigor eredugarriak ezartzea.
5.- Enrique Ramosen berehalako dimisioa edo hura kargutik kentzea.

Donostian, 2017ko maiatzaren 23an.

Testu osoa (PDF).

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.