Zuhaitz mozketa basatia Lourdes Txikin

Zuhaitz mozketa basatia Lourdes Txikin

HARITZALDE Naturzalen Elkarteak gogor salatu nahi du Ekintza Ikastola gainean buruturiko baimendu gabeko soilketa bortitza. 2ha baino gehiagoko eremuan zegoen baso misto zoragarria erabat moztu dute. Guztiz txikitu dute faunaren bete-betean ugal garaian eta gainera lurazala urratu dute izugarrizko higadura nabarmena sortuko duten pistak irekiz.

Une honetan inguru zabal batetik sorturiko paisaia-inpaktua ikaragarria da, edozein ikuslek zartako handia jasotzen duelarik berdea eta lasaia zen tokian basoa ebakita eta lurra iraulita ikusteaz.

Kezka handiak sortzen dizkigu Ekintza Ikastola mozketa horren atzean egoteak, baino are handiagoa da Donostiako Udalak horren eragile zuzena izan dela jakiteak. Izan ere, badirudi Hirigintza Sailatik bertako jabeei agindua eman zitzaiela Ikastola gainean zeuden zuhaitzak gerriko zabal batean mozteko. Antza denez, puntualki lubizi txikiak eta zuhaitz baten erorketa salatu dute ikastolakoek. Gure ustez, horrek ez du inolaz ere justifikatzen eginiko basakeria are eta okerrago, eginiko lanek etorkizunean egoera okertu lezakete. Orain higadura eta lubizi arriskua handiagoa izango baita.

Haritzalden, ez izan zalantzarik, pertsonen segurtasuna bermatzearen alde gaudela, ez dugu inor arriskuan egotea nahi, baina gauza bat da arriskutsuak izan zitezkeen aleak kentzea eta malda aseguratzea eta beste bat, eginiko soilketa, zeinek landaredia falta dela-eta, pistek sortuko duten ur mugimendu eta filtrazioek arriskua are handiagoa suposatu bailezakete.

Hori gutxi balitz, eginiko lan hauek guztiek, derrigorrezkoa den Gipuzkoa Foru Aldundiaren baimenik gabeko eginak daudela dirudi. Jakin nahiko genuke, zer txosten teknikok babesten dute eginiko soilketa zentzugabea. Horregatik, Hirigintzako Zinegotziari, azalpen publikoak ematea exigitzen diogu.

Amaitzeko gogoratu nahi dugu, pena handiz, duela urte batzuk, leku berdinean, aktore bertsuek jokatutako antzeko papera beste soilketa batean. Askok gogoratuko dute nola Lourdes Txiki ingurua erabat itxuraldatu zuten zuhaitz erraldoi pila bat moztu zituztenean. Zertarako eta, Ikastolaren kirolinstalazio berri batzuk eraikitzeko. Horren aitzakian, horiei lotutako parkina bertako errekastoaren babes eremua errespetatu ez zuena ere eratu zuten.

Pentsatu nahi dugu eginiko triskantzarekin Ekintza Ikastolakoak ez direla ados egongo, bestela, Zer azalduko diete ikasleei ingurumen gaietan Ekintza Ikastolan? Bestalde, Izango al da hau Donostiako Udalaren Klima Aldaketaren Udal Estrategiaren lehengo urratsa?

Donostian, 2017ko apirilaren 25ean.

Testu osoa (PDF).

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.