Mendizorrotzeko suteen aurrean, kontserbazioa

Home/Aldarrikatzen/Mendizorrotzeko suteen aurrean, kontserbazioa

Mendizorrotzeko suteen aurrean, kontserbazioa

Tristura handiz bizi izan genuen Haritzaldeko lagunok Mendizorrotzeko azken sutea. Izan ere mendi horren defentsan urteak baitaramatzagu kontserbazio aktibo eta sentsibilizazioaren bitartez. 1997tik 1081 zuhaitz landatu ditugu (ametzak, haritzak, arteak, gaztainondoak, zumarrak, urkiak, lizarrak, astigar zuriak eta txikiak, intxaurrondoak, gorostiak). Gehienak kiskali egin dira, baina badira oraindik bizirik dirautenak. Itxaropena badugu.

Nahita eragindako suteak

Joan den abenduaren 19an, eguerdian, piztu zen Mendizorrotzen ia 200 ha erre zituena. Ez zen kasualitatea izan, aurretik eremu beretsua kiskali baitzen 2002an eta 2007an, nahiz azaleran zertxobait gutxiago erre orduan. 2014an ere 30 ha inguru erre ziren goi partean eta guzti-guztiak nahita eragindakoak. Hortaz, ez dugu ulertzen nola adierazi daiteken 2015ekoa ez zuela norbaitek eragin, 2007an su emandako toki berdinean hasi zela kontuan hartuta batik bat. Argi dago eguraldiak ez zuela batere laguntzen eta dena oso lehorra zegoela, baina ez zen tximistik izan, handik ez da linea elektrikorik pasatzen eta errepidea ere urrun geratzen da, beraz, hortik esatea bakarrik piztu zela (autoignizioa) zeharo sinesgaitza da. Inguru horretan interesak egon badaude, agerian da. Zoritxarrez ez daukagu esaterik nork eragin zuen edo zergatik eragiten dituen/dituzten. Argi duguna da gaizkileak direla, delikuenteak, “ingurumen aurkako terroristak” eta atxiloturik egon behar dutela.

Mendizorrotzekoak, tamalez, ez dira bakarrak, azken asteetan piztutako ia guztietan (eta lurralde ezberdinetan) baieztatu ahal izan den bezala. Gertu ditugu Artikutza ikutu duen Arantzakoa, Oiartzungoa (Aiako Harria Parke Naturalean) edota Andoaingoa. Non daude ikerketak?

  • Haritzaldek eskatzen duena:

Gipuzkoako Foru Aldundiari, Ertzaintza eta Fiskaltzari delituak ikertzeko.

Ondare Naturalari Kalte handiak. Hegoaldeko zuhaitz-igela kinka larrian

Adituek eta hainbat naturzalek izan ezik, beharbada herritar gutxik jakingo du Mendizorrotzen Natur balio handiko eremuak daudela eta babestutako animalia eta landare-espezie ugari. Horietako batzuk dira sutean erretako alderdiak, hala nola iparraldeko errekak, hezeguneak (anfibioentzat eginiko putzuak eta zohikaiztegiak), itsasaldeko landa atlantikoa, ameztiak, edo Agitiko basoa (mendiaren ipar isurialdeko aipagarriena). Hortaz, min egiten digu ordezkari politikoei eta arduradunei apenas kalterik ez dela izan entzuteak. Arduragabe jokatu dute gertaeren garrantzia gutxietsiz.

Argazkietan ikusten denez, han dauden hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren 4 putzuak kaltetuak suertatu dira modu batean edo bestean. Hau da hango populazioguneak pairatzen duen 3. sutea eta horri Foru Aldundiaren espeziearen kudeaketa okerra gehituta, igeltxoa handik desagertzea ekar dezake.

Bestalde, arestian esan bezala espezie batetik haratago doaz, Europarako Interes Bereziko Habitat ezberdinak kalte handiak jasan baitituzte, esaterako Orioko Cladium mariscus formazioa, ameztiak edota txilardiak.

  • Haritzaldek eskatzen duena:
  • Gipuzkoako Foru Aldundiari: Putzuetako kalteak konpontzea (ur hartuneak, kartelak, landarediaren kontrola…), 4 putzuak igeltxoaren ugalketarako putzu-sarean sartzea eta zerrenda eguneratzea. Aranzadirekin batera habitat eta espezieen jarraipena eta dagokien kasuetan berreskuraketa burutzea. Putzu berriak sortzea, Agitiko kalarena barne. Basoberritze lanak lehenbailehen bultzatzea. Ganadua bertan egoteko debekua mantentzea.
  • Ingurumen Ministerioari: Agitiko kala berreskuratzea eta garai bateko aintziratxoa birsortzea.
  • Donostiako Udalari: Zonalderako Plan Berezia onartzeko prozedura lehenbailehen abian jartzea, balio natural anitzen kontserbazioa bermatzeko eta magalak basoberritzeko. Ganadua bertan larratzeko debekuari eustea. Eremu publiko guztia Herri Onurako Mendia izendatzeko aukera aintzat hartzea eta aztertzea.

Mendizorrotz Europa mailako babesa behar du. Babes Bereziko Eremua ezartzeko prozesua aurrera!

Haritzalde 1998tik Mendizorrotz babesteko eskatzen ari da eta gaia Donostiako Ingurumen Aholku Kontseilura Aranzadirekin batera eraman zuen, proposamena onartu zelarik. Hortik aurreko Udal Gobernua Orio, Usurbil zein Igeldoko ordezkariekin batzartu zen, haien esanetan, aldeko jarrera aurkituz. Lehen bilera baino ez zen izan, orain jarraipena eskatzen duena. Azken Ingurumeneko Kontseilu Sektorialeko bileran Lehendakariak, Alfonso Gurpegui (PSE), Gune Publikoetako, Ekologiako eta Festa Jardueretako zinegotzi ordezkariak legealdi honetako agendan zutela berretsi zigun.

Asko dira Mendizorrotzeko balore naturalak nahiz kulturalak: geologia, aztarna arkeologikoak, paisaia, lehentasunezko habitatak, mehatxaturiko espezieak (hegoaldeko zuhaitz-igela, ipurtatsa, belatz handia, erroia, ubarroi mottoduna, Woodwardia radicans iratze paleotropikala…). Haritzaldek itsas-eremua ere babesgunean barneratzeko eskatu du.

  • Haritzaldek eskatzen duena:

Donostia, Orio eta Usurbilgo Udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Mendizorrotzen Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL-LIC) bultzatzea, itsasaldea ere batera sartuz. Helburua da Babes Bereziko Eremua izendatu ahal izatea etorkizun hurbilean.

Hezeguneen eguna Mendizorrotzen, erretako eremua bisitatuz

Otsailaren 2an mundu maila ospatzen da Hezeguneen Eguna eta aurten Haritzaldek Mendizorrotzen erre den eremuan dauden hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren ugalketarako sortu ziren putzuetara irteera gidatua egingo dugu. Kiskali den ingurua bisitatuko da eta han kalteturiko balio naturalak ezagutuko ditugu, besteak beste hango putzuetan bizi den anfibio komunitatera hurbilduz.

Noiz: Urtarrilaren 31n, 11:00etan
Non: Igeldoko kanpineko dBus geltokian.
Iraupena: 3 ordu inguru.
Oharra: doako jarduera. Izena eman behar da.

Testu osoa (PDF).

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.