Ama Lurraren Nazioarteko Eguna

Ama Lurraren Nazioarteko Eguna

TXIKITIK HASITA EGUNERO ZAINDU

Urtero bezala apirilaren 22an Mundu mailan  Ama Lurraren Eguna ospatzen da; 45 urte betetzen dira urtez urte sentsibilizazioa lantzen. Aurten Haritzalde Naturzaleen Elkarteak bat egin nahi izan du egunarekin eta ospakizuna kalera eraman nahi du bertako zuhaitzak banatuz. Haritz bat landatu nahi duzu Planetaren alde? Eta lizar bat? Zergatik ez astigar txuria, pagoa edo gorostia? Mundu mailako arazoak behar bada urrunegi geratzen zaizkigu, erabaki potoloak boteretsuen esku egon daitezke, bai, baina denoi dagokigu zerbaitetan. Guk tokian tokikoa egitea proposatu nahi dizuegu, gertukoa, behar bada txikia. Natura zaindu, zure mendia, zure parkea zaindu, bertako bizidun guztiak. Basoak eta zuhaitzei bereziki erreparatu nahi diegu, eta zuhaitzak landatzea proposatu nahi dizuegu. Hortaz, datorren larunbatean, apirilaren 25ean eta egun osoz Kontxako Pasealekuan bertako zuhaitzak banatuko ditugu.

ZER: postu informatiboa eta zuhaitz banaketa.
Espezieak: haritzak, pagoak, lizarrak, gorostiak…
NOIZ: Apirilaren 25ean
Ordutegia: 11:00-19:00
NON: Kontxako Pa, 1. Arrapala parean (eguraldiaren arabera Gipuzkoa Plazako Arkupeetan)

Haritzaldeko naturzaleok 23 urte daramatzagu lanean eta urte hauetan guztietan  milaka eta milaka bertoko zuhaitzen haziak banatu ohi ditugu udazkenean eta neguan, urtero, ehunka zuhaitz landatu ohi ditugu. Oraingoan Udaberria ospatzeko, bizia ospatzeko, zuhaitzak banatu nahi ditugu, batzuk lorontzi eta guzti. Izango da ekintza egiten dugun lehenengo aldia eta postuan egongo diren landareak bertako mendietan dute jatorria. Bertako espezieak eta bertako haziak. Egunero zaindu behar dugu ingurunea, egunero zaindu Natura, egunero izan behar bailuke Lurraren Eguna. Topikoa izanagatik ez du esanahia galduko. Planeta mailan pentsatzen badugu arazo potoloak daude. Aldaketa Klimatikoa kasu, eta denok daukagu aurrea hartzeko ardura. Gobernuei dagokie politikak aldatzea, egia da, baina denon artean eraiki behar dugu gizarte berria eredu berri batekin. Oraingo Krisialdia ekonomikoa bada ere gehien bat ekologikoa da eta horretaz ez bagara jabetzen nekez aldatuko da ezer. Krisialdi ekologiko eta sozial honek, balore falta agerian uzten duen horrek, hausnarketa sakona ekarri behar zuen. Zoritxarrez ez du hala ematen. Aldaketa Klimatikoa eta Biodibertsitatearen galera, gainean ditugu… Noizko eredu aldaketa? Ospakizunarekin batera gogoetarako tartea eskaini nahi dugu. Mundu mailako arazo handien aurrean, tokiko ekintzak burutu ditzakegu. Beren txikian, bide onean urratsak. Aurreztu ura, energia, lehengaiak, egin kontsumo arduratsua…  zuhaitzak landatu. GUREKIN ETORRI!

Lurra ospatu bere egunean, baina zaindu eta gozatu egunero.

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.