Belartzako betelanak baimenik gabe!

Home/Aldarrikatzen/Belartzako betelanak baimenik gabe!
  • Trabajos de relleno en Belartza

Belartzako betelanak baimenik gabe!

<AÑ13.1 BELARTZA II> EREMUKO <AÑ13.2 CANTERA> (MERCADONA) IZENEKO OBRAK BURUTZERAKOAN LEGEAREN KONTRAKO EGINTZAK ETA JARDUERAK

“Añ-13.2 Cantera” (Mercadona) delako proiektuaren obra-eremutik kanpo baimenik gabe eta legearen kontra, hango garrantzi handiko balio naturalak kaltetuz, egiten ari diren lanak eta jarduerak salatu nahi ditugu.

Apirilaren bigarren astean harrobiko hondeaketatik ateratako harri eta materialak obra eremutik kanpo dagoen Belartza Erdikoa baserri ondoko landazabaleko belazean (Baimen eskaeretan haiek “Añ-13.1 eremua, Belartzagaina” deiturikoa) pilatzen hasi ziren obra-sustatzaileak. Aipaturiko ladazabalean larreak, hariztiak eta baso misto atlantikoa daude eta ur-emari iraunkorra duten errekastoak daude. Betelana egiteko pista berriak ireki dituzte lan eremutik kanpo eta baimenik gabe, zuhaitzak suntsituz eta Irubideko erreka kaltetuz. 120.000m3ko material-metaketaz ari gara! Honez gero 7mko altuera hartu du eta inguruko hariztian bertan sartzen ere hasiak dira

Lur pilaketak ikaragarrizko inpaktu paisajistikoa sortarazten du, batez ere babestuta dagoen Unanue Natural Guneko Landa Parkean, zeina gordetzen duen ondare naturala eta nekazal zein paisaia aldetik duen garrantzia zela medio, herritar guztion gozamenerako babestua izan zen. Zonaldearen kontserbazio-maila aipagarria da ere. Ia 3.000 m2 azalera duen betelan hori era askotako eragin nebatibo sortarazten ari da, bai ingurumen aldetik, baita paisaia ikuspegitik ere: tokiko topografia aldatuz, uren dreinatzea aldatuz eta, ondorioz, bertako akuiferoen sisteman eraginez. Han, kamioiak eta hondeatzaileak etengabe ari dira, betelana inguratzen duen basoan oraintxe ugaltzen ari den basafaunaren kaltean. Horietako espezie batzuk Mehatxaturiko Espezieen Euskal Zerrendan jasota daude, baina Naturaren Kontserbaziorako Legeak haien habitatak zorrozki babesten dituen arren, Belartzan, antza, kontuan ere ez dituzte hartu.

Horrez gain, maiatzaren hasieratik lur pilaketaren lekuan bertan, zeru irekian eta birringailu baten bitartez, hondeaketako harriak txikitzen eta xehetzen ari dira etengabe, granulometria txikiko agregakin bilakatuz, eta prozesuan hogei metroko altuera hartzera iristen den hauts-hodei mugikorra sortaraziz. Atmosferaren kutsatzailea den harri transformazio-jarduera horrek airearen kalitatean eragin zuzena du, ondorioak inguruko baserri eta etxebizitzetan nabarmenak direlarik. Ugal garaian dagoen faunak ere hautsak pairatu behar ditu ezinbestean. Jarduera horretarako ere dagokion baimena ez dutela zinez uste dugu.

Donostia Udaleko Hirigintza Sailean egindako argibide-eskaeren emaitzen arabera, lanek ez daukatela inolako udal baimenik dirudi, baina modu eta egun ezberdinetan egoera salatu badugu ere, Udala entzungor dabil, orain arte inongo neurririk hartu ez dutelarik. Lanek Lege, Araudi eta prozedurak hausten dituzte, baina ez dituzte gelditu. Hortaz, oraingoan salaketa publikoa egin nahi dugu eta Donostiako Udalari zein eskumena izan dezaketen Erakunde Publiko guztiei obaren sustatzaileak bultzatutako lanok berehala geldiarazteko. Naturaren kontserbazioak Administrazioaren zereginetan premia behar luke eta lehen mailako herri interesa izaki, hura bermatzera eta ziurtatzera behartuta daude.

Horregatik guztiagatik, obrak ingurumen nahiz hirigintza araudia urratzen duenez, Donostiako Udalari baimenik gabeko lan guztiak berehala geldiaraztea, dagozkien zigor-espedienteak irekitzea, eta kaltetutako eremua lehenbailehen lehengoratzea exijitu egiten diogu.

DONOSTIA, 2016ko maiatzaren 12an.

Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.