Naturzaleok behingoz Lehendakariarekin bat gatoz: azpiegitura berri gehiagorik ez!

Naturzaleok behingoz Lehendakariarekin bat gatoz: azpiegitura berri gehiagorik ez!

Eusko Jaurlaritza berria osatu eta egun gutxira Lehendakariak esan zuen legealdi honetan azpiegitura berririk ez dela hasiko eta horrek poztu egiten gaitu, naturzaleok aspalditik zentzugabeko txikizioa gelditzeko eskatzen baikenuen. Egungo krisia ez da soilik ekonomikoa, baizik eta batez ere ekologikoa. Gure ahalmenaren gainetik bizi izan garela esan zaigu eta benetan hala da, Ama Lurraren ahalmenaren gainetik ari gara eta hori ez da iraunkorra, nahiz berdez jantzi.

Urte luzez Gipuzkoan eraiki da nahi izan den guztia, lurraldearen artifizializazio maila ikaragarri emendatuz. Batzuek diote probintzia txikiari “txikle eremua”, azpiegitura erraldoi guztiak sartzen dira eta. Horrela gure haran nagusi guztiak errepidez, induztrialdez eta eraikinez josi ditugu, bertako balio naturalak deuseztatuz eta txikituz, eta nekazal lurrik onenak askotan alperrik galduz.

Sasigarapenaren izenean errepide sare zabala eratu dugu, Gipuzkoako biribilgunea zioten batzuek, lurra ez ezik dirua ere bukaezina balitz bezala. Ez garen aberatsen moduan bizi izan gara  eta orain politika itsu horien morroi gara, zeinek gure aurrekontuen zati handia eramaten duten zorren eta mantentze-gastuak direla medio. Gure oraina eta etorkizuna salduta, lurrak eta ondare naturala galduta. Enpresa batzuek dirutza egin dute denon kontura eta haien interes partikularrek lotu dituzte erabaki politikoak.

Orain, egoera larrian, krisi gorrian murgilduta gauden une honetan Euskal Autonomia Elkarteko Gobernuak aurrekontuak aurrera atera nahi ditu. Azpiegitura berririk hasteko asmorik ez dagoela berri oso ona da guretzat, nahiz eta atzean dauden arrazoiak soilik ekonomikoak diren. Krisialdiak daramagun ibilbideari buruzko gogoeta sakon bat egiteko balio izan balu… Nahiko genuke. Baina ulertzen ez duguna bizi dugun diru falta honetan da Abiadura handiko trena bezalako proiektuen aldeko apustu ankerra. Dirutza xahutzen ari gara premiazkoa ez den zerbaitetan. Arazoa, ekologikoa baino lehentasunak finkatzearena da gehiago, tajuzkoa. Garraioan inbertitu beharra dago, baina herritar gehiengoari zerbitzu emango dion horretan, ez eliteei bakarrik edo pertsona talde gutxi bati. AHTren obrak inpaktu ekologiko handiak dakartza, baina inpaktu ekonomikoa ez da txikiagoa, hipotekatzen ari baita urte askotako inbertsioak, esaterako garraio publiko unibertsalean, jende gehien mugitzen duen gertukoan. Gainera, obra zibilean gastatzen ari dena ez da hezkuntzan, osasunean edota babes sozialean gastatzen. Horretara dirua zuzentzea gaur egun erokeria da, are gehiago Gaztelan geraturik dagoenean eta Aragoin geltokiak hutsik. AHTren arazoa, beraz, gizarte-lehentasunen kontua da, eta guretzat ez da lehentasuna, luxua, besterik ez. Eta kontuan hartu ere etorkizunean, noizbait bukatuko balitz, mantenua ere oso garesti irtengo zaigula: sarearen egoera mantentzea, energia gastuak, txartelen gaineko Gobernuen laguntzak garestiegi izan ez daitezen…

Hortaz, Eusko Jaurlaritzari, baina baita alderdi politiko guztiei daramagun ibilbide eta dugun bizimoduari buruzko gogoeta sakon bat eskatu nahi diegu. Eta bitartean, proiektu erraldoi guztiak geratzea nahi dugu. Beste mundu bat, beste Euskadi bat, posible ez ezik, ezinbestekoa da.

Informazio gehiago: prentsa oharra
Informazio gehiago: Azpiegitura handiak: AHT

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.