Haurrek ibaia naturala nahi dute

Home/Sentsibilizazioa/Haurrek ibaia naturala nahi dute

Haurrek ibaia naturala nahi dute

Udaberrian auzoetan eginiko haur festetan (URUMEA BIZI!) umeei eskatu zitzaien Urumea ibaia marrazteko eta hura irudikatzeko. Adin ezberdinetakoek (1-12)  ia 200 marrazki oparitu zizkiguten eta gehienek ibaia biziaz beterik margotu zuten, natural itxurarekin, ertzak berdeak eta zuhaitzekin, urak urdinak eta animalitxoekin. Zer ibai mota utziko diegu? Bada aukera eta erronka dugu Urumearen, eta gainontzeko ibai eta erreken egoera aldatzeko, hobetzeko. Umeek argi marraztu digute bidea, orain UR Agentzia, Konfederazioa, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiari dagokie gauzatzea.

Joan den udaberrian, “Ura, ibaiak eta herriak” San Telmon ikusgai zegoen bitartean, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 4 haur-festa burutu zituen Martutene, Loiola, Loiolako Erriberan eta Alde Zaharrean, eta horietan guztietan umeei eskatu genien Urumea ibaia marrazteko. Adin guztietako haurrak gerturatu ziren, guztira 400 bat eta ia 200 marrazki oparitu zizkiguten. Harritu gaitu zein natural eta urdin-berde ikusten duten. Irudikatu dute ur garbia eta biziaz beterik, arrainak eta ahateak igerian dabiltzala, ibai-ertzak, naturalak, berdeak eta zuhaitzekin. Zubiak ere agertzen dira, txalupak eta traineruak, arrantzaleren bat…, baina orokorrean armonia islatzen dute. Egungo benetako egoera ordea, beheko eremu zabal batean ez da horrelakoa. Haiek dira etorkizuna eta garbi irudikatu digute bidea, orain ardurarekin jokatzea gure ardura da.

Gipuzkoan ditugun ekosistemek mendeetan gure presioa jasan dute, asko eraldatuta eta batzuk oso kalteturik suertatu direlarik. Garai batean Europako ibairik kutsatuenak genituela esaten zen. Zorionez egoera hura zeharo aldatu da uraren kalitateari dagokionez, baina ibaien egitura bera, uholde lautadak eta ibai ertzak gero eta artifizializatuago ditugu. Tenore honetan ditugun altxor biziak, bisoia eta muturluzea kasu, galzorian daude. Kilometro askotan ibar-basoa suntsiturik dago eta ibai ertzetan landaredia egotekotan zuhaitz zerrenda estuak osatzen du. Ibaia ur-ibilgua baino zerbait gehiago bada, kanal bat ez da ibaia. Hurrengo urte askotan lan itzela egin beharko dugu errekak, sistema dinamiko eta bizi horiek, berreskuratzen. Legeak hor daude, baina gehiegitan beste interes batzuk gailentzen dira. Umeek beren marrazkiekin ederki esan digute zer nahi duten, ez badiegu jaramonik egiten beraiekin zorretan egongo gara. Hortaz, 189 marrazki helarazi dizkiegu UR Agentziakoei haurren “agindua” aintzat har dezaten. Iraunkortasunean benetan sinisten badugu, ibaiak egoera hobean utziko dizkiegu, ezta?

URUMEA BIZI!

Testu osoa (PDF).

About the Author:

Leave A Comment

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.