Zuhaitzak 2013 proiektua: Puioko zuhaitzen jarraipena

Zuhaitzak 2013 proiektua: Puioko zuhaitzen jarraipena

ZUHAITZAK 2013 izeneko proiektuak bertoko basoko zuhaitz eta zuhaixken garrantzia azpimarratzen duen proiektua da. Bere barruan hiru lan “lerro” nagusi ditu.
Lehenbizikoan, 2013. urtean burutu ditugun zuhaitz landaketak sartzen dira.
Bigarrenean, 2013. urtean egin degun bertoko basoko hazien banaketa sartzen da.
Hirugarrenean, azkenengo urte hauetan, 2004tik 2013ra, Puioko parkean lurzoru eskasa duen malda batean landatutako 2222 zuhaitzen jarraipena egitea izan da. 2012. urtean lan honekin hasi ginen baina ikusita lan handia zela Donostiako Udalari 1000 eurotako diru laguntza eskatu genion proiektua neurri handi batean garatu ahal izateko eta bai, eman digute.

Hirugarren “lerro” honen landa lana abenduaren 6 eta 8an garatu zen. Bi egunetan Puioko parkean geldituta Haritzaldeko 7 kide hurbildu ginen eta honako lanari ekin genion.
Lehendabizi, Puioko malda zabala izanik eta 7 pertsona geundelarik, lana errazteko, sektore eremuak sortu genituen, plastikozko zinta luzeak erabiliz. 4 guztira.
Ondoren, bikoteka jarri eta hiru talde osatuz maldaren behekaldetik gora, zuhaitzak bilatzen, neurtzen eta markatzen hasi ginen, zazpigarren pertsonak UTM koordenatuak erabiliz zuhaitzak geokokatzen zituen bitartean.
Hirugarrenik, talde bakoitzak hartutako datuak Excel orri batera pasa ditu datuak.
Azkenik, datu hauek autocad programa erabiliz eta fotomontaia sortuz zuhaitz hauen irudi bat sortu nahi dugu.

Bi egun hauetatik egiten dugun balantzea oso positiboa izan da, zuhaitzak eta zuhaixkak hobeto ezagutzeko aukera eman duelako, 2004tik hona landatutako zuhaitzak haundiagoak aurkitzea oso gauza polita delako eta hirugarrenik langileak oso gustora egon direlako.

Guztira 913 zuhaitz eta zuhaixka aurkitu, neurtu, markatu eta geokokatu ditugu. Lan honen iraupena 7-8 ordutakoa izan da eta oraindik maldaren herena besterik ez degu errepasatu. Momentuz aurkitutako espezieak hauek dira: Ulmus minor (zumarra), Fraxinus excelsior (lizarra), Betula alba eta B. pubescens (urkiak), Prunus avium (gereziondo), Sambucus nigra (intxusa), Corylus avellana (urritza), Acer campestre (astigar txikia), Alnus glutinosa (haltza), Quercus robur (haritza) eta Cornus sanguinea (zuhandorra) izan dira. Hurrengo egunetan informazio gehiago izango dugu.

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.