Ama Lurra defendatzeagatik jazarpena eta indarkeria pairatzen dutenekin elkartasuna

Ama Lurra defendatzeagatik jazarpena eta indarkeria pairatzen dutenekin elkartasuna

Gaur bezalako egun batean, abenduaren 22an, Chico Mendes erahil zuten giza-eskubideak eta Amazonia defendatzeagatik. Horrelako data batean, Haritzalde Naturzaleen Elkartetik Natura eta ingurumenaren alde lan egiteagatik, Ama Lurra defendatzeagatik, jazarpena eta indarkeria jasan eta jasaten ari direnei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Asko dira hildakoak, ezagunak eta anonimoak, urrutikoak eta gertukoak, Gladys del Estal kasu. Eta aprobetxatu nahi dugu aipaturiko urteurrena bera, Gladys, oroitzeko. Besarkada handia bere familiari eta Eguzki talde ekologistako lagunei.

Urrutiko adibideak edota beste garaikoak direla pentsa daiteke, baina hain larriak izan gabe zenbat eraso jasan ditugu naturzaleok? Haritzalden ere, jardunbide erabat baketsua izan arren, 20 urte hauetan bortizkeria nozitu dugu modu ezberdinetan. Horrela, kide batzuek errepresaliak jasan dituzte lantokian, bik lana galtzeraino, beste batzuek presioak eta mehatxuak jaso dituzte… Eta okerrena da jazarpena gehienetan Erakunde publikoetatik etorri dela, politiko jakin batzuengandik. Oso zaila, ia ezinezkoa hori dena frogatzea, bestela datuok fiskaltzaren esku leudeke eta, onartezina baita. Hortaz, gure babesa eta gure elkartasuna gure taldean, nahiz beste edozein elkartetan gaizki pasa dutenei eta naturaren alde lan egiteagatik ondorioak pairatu dituztenei.

Gure miresmen osoa eta gure sostengua, Natura, gure Ondare Naturala, Ama Lurra defendatzen dutenei, Giza Eskubideak aldarrikatzen dituztenei… dena elkar loturik baitago. Justizia sozialik gabe ez dago ingurumenik, ez dago iraunkortasunik, makilajea soilik. Eta zuek denok behar-beharrezkoak zarete. Ama Lurra defenda dezagun. Beste mundu bat posible izan ez ezik, ezinbestekoa zaigu eta. Animo naturzaleok, gora bihotzak eta eutsi goiari!

Prentsa oharra.

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.