Hazi autoktonoen banaketa

Hazi autoktonoen banaketa

Datorren asteburuan, azaroaren 3-4an, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak bertako zuhaitzen hazi-banaketa burutuko du Donostian. 15 urte beteko ditu ekintza xume horrek. 15 urte zuhaitzen aldeko jarrerak lantzen eta bertako landarediarekiko herritarron sentsibilizazioa bultzatzen.

Noiz:               Azaroaren 3an (larunbata) eta azaroaren 4an (igandea).
Non:                Kontxa Pasealekuan, 1. arrapalan (eguzkitsua egonez gero)
                        Gipuzkoa plazan, Diputazioko arkupeetan (euritsua egonez gero)           
Ordutegia:     10:00-20:00
Haziak:           haritz kanduduna (Quercus robur), pagoa (Fagus sylvatica), lizarra (Fraxinus excelsior) eta astigar zuria (Acer pseudoplatanus).

Bertoko zuhaitzak aldarrikatzen ditugu, bertoko eta berezko basoak, habitat naturalak kontserbazio egoera egoki eta onean, biodibertsitatea aldarrikatzen dugu, gure ondare naturala defendatzen dugu.

Helburu nagusia sentsibilizazioa da, den-denok egin baitezakegu zerbait. Zuhaitz baten hazia, ezkurra kasu, zein txikia den eta zer zuhaitz ederra izan daiteken, baina horretarako zenbat denbora pasako da? Asko. Etxeko lorontzi batean jarritako hazia urte betean landaretxo egiten da. Prozesu polita bezain mantsoa. Jendea konturatzen bada, eta berak ereindako hazia, zaindutako eta mendian landatutako zuhaitza maite badu eta babesten badu, zuhaitz-zale berri bat izango dugu.

Esan bezala, biodibertsitatea aldarrikatzen dugu, aitortzen zaizkion hiru mailetan, kontserbatu nahi dugulako: habitat naturalak (espezieen gainetiko maila), espezieak (bertakoak, bakoitza dagokion tokian), baina baita espezie bakoitzak duen barne dibertsitate genetikoa (espezieen azpitiko maila). Hortaz, berebiziko garrantzia du bertoko espeziea izateaz gain bertako hazia ere izatea, hau da, zonaldekoa. Eskatzen ditugu tokian tokiko mintegiak eta Erakunde publikoei, batez ere Diputazioei, horiek bultzatzea mendi publikoetan, hots, Jaizkibelgoa Jaizkibelen eta Aiako Harrikoa hantxe bertan, edo behintzat, tokian tokiko hazia (edo ingurukoa) erabiltzea landaketa guzti-guztietan (baita partikularretan ere).

Aipaturiko xedearekin aurten 4 espezietako zuhaitz-haziak banatuko ditugu, ingurukoak denak eta horrela azalduko diegu herritarrei. Haziak debalde ematen ditugu. 15 urte hauek datu oso interesgarriak utzi dizkigute:

  • 100.000tik gora hazi banaturik.
  • 8 espezie: haritza, ametza, erkametza, artea, pagoa, lizarra, astigar zuria eta gaztainondoa.
  • 10.000 herritarrei banaturik
  • 120 haritzaldekide eta bolondres

Haziak ereiteko edo zuhaixkak landatzeko informazio gehiago:
Haritza
Pagoa
Lizar arrunta
Astigar zuria

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.