Cristina Enea Parkearen kudeaketa arduratsu baten alde

Cristina Enea Parkearen kudeaketa arduratsu baten alde

Autorea: Joseba Gurutz de Vicente

Autorea: Joseba Gurutz de Vicente

Aspaldikoak dira Cristina-Enea/Gladys parkearen kudeaketa okerraren ondorioz sorturiko liskarrak. Haritzalderen sorrera bera 1991ko zuhaitz mozketa basatien aurkako ekimenetatik dator. Baina behar bada gainbehera deigarriena Udalaren ekimenez gauzatutako eraldaketa 2006an obrekin eman zen (zenbait eremu artifizializatu ziren, landaredia ezabatu, putzuak lehortu, garai bateko urmaela itxuraldatu zen…) eta egoerak ez du hobera egin: katuen ugaritzeak parkean bizi diren hegaztien biziraupena kolokan jartzen du, zenbait pertsonek parkeko hainbat eremu mugatzeko dauden egurrezko hesiak hautsi dituzte, zenbait herritarrek (ume, gazte nahiz heldu) ez dute inongo errespeturik parkean bizi diren landare eta animaliengan (ahateen atzetik ibiltzen dira makilekin, animalia gaixoak jo eta izutzeko asmoz, etab.), animalien babesleku eta ugalketa-puntuak murriztu egin dira, kanpoko espezie arrotzak ugaritu dira (Floridako dortokak edo arrain gorriak esaterako), bizikleten joan-etorria baimenduta ez dauden bideetatik, txakurrak aske eta kontrolik gabe edozein tokitan…
Haritzaldek duela urte asko eskatu zuen hiriko parke handientzat zaintza berezia eta parkeko guardaren edo parkezainaren irudia berreskuratzea. Are gehiago ingurumen alorrean eta bereziki gure ondare naturalaren babeserako, Udaltzaingoan talde edo “unitate berdea” sortzea eskatu genuen. Maiz haren beharra aldarrikatu dugun arren eta Parkeetan, eta bereziki Cristina Enean, jazo diren eraso eta suntsiketak zein bandalismoa publikoki salatu baditugu ere, orain arte ez zaigu jaramonik egin.
Txakurrei dagokienez, Parke handietan sarrera baimentzearen kontra gaude, zaintzarik ez dagoelako eta lehen, galarazita egonik, gehiegikeriak baldin baziren orain areagotu egin direlako. Gainera, animalia etxekotuak, ahate, pauma eta beltxargak kasu, libre izatea eta txakurrak inguruetan kontrolik gabe ibiltzea ez da bateragarria. Katuak ere ugaritu egin dira bertako faunarentzat mehatxu bilakatuz.
Azken hogei urte hauetan Haritzaldek makina bat salaketa, proposamen eta eskaera bideratu ditu Cristina Eneako baloreak kontserbatzeko, “Cristina Enea-Gladys Parkea” liburuan islaturik geratzen den legez. Ez gara ordea bakarrak izan. Duela urte batzuk Udalak berak Aranzadi Zientzia Elkarteari Parkeko biodibertsitatearen egoera aztertzeko eskatu zion eta txosten hartan agerian geratu ziren gabeziak eta hobetzeko puntuak. Aranzadik hainbat neurri proposatu zituen, hezeguneak berreskuratzea eta berriak sortzea besteak beste, horiek guztiak ere gauzatu ez direlarik. Txostena dirutza kostatu zitzaigun arren, kajoiren batean galduta dagoela dirudi.
Argi dugu Udalak oraindik baduela egoera tamalgarri honi heldu eta dagozkion eskumen nahiz funtzioekin bat etorriz, Cristina-Enea/Gladys parkearen kontserbazioarekin bat datorren kudeaketa egoki baten aldeko apustua egitea. Egin, egin beharko luke. Horretarako, ezinbestean, beharrezkoa litzateke parkean honako neurriak ezartzea, premiazkoak baitira:

  • Dauden ikerketak eta argitalpena aintzat harturik Parkeko biodibertsitatea babesteko estrategia edo plan bat diseinatu eta martxan jartzea.
  • Zaintza zerbitzua ezartzea, arauen urraketak ekiditeko eta burutzen dituztenei dagozkien isunak jartzeko.
  • Animalien babesleku eta ugalketa eremuak zabaldu eta ondo mugatzea, pertsonen sarrera oztopatzeko.
  • Parkeko animalien biziraupena arriskuan jartzen duten kanpoko espezieak kontrolatzeko neurrien ezarpena.

Informazio gehiago: prentsa oharra.

About the Author:

Leave A Comment

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.