Katalunia plaza
2006-11-21
Indioilarra Katalunia plazan
Ez naiz bozketen aurka dagoen horietakoa. Hain zuzen ere, donostiako Gros auzoan dagoen Katalunia plazaren diseinua aukeratzeko galdeketaz ari naiz. Egia esan, hobe da hiru proposamen desberdinen artean aukeratu ahal izatea, (Groseko auzokide batzuek laugarren proposamen bat plazaratu dute), aukeratzeko eskubiderik ez edukitzea edo udaletxeko bilkurak edo, okerrago, exekutibo batek hartutako erabakia onartu behar izatea baino. Hala ere, aipatutakoa herri partaidetza ekintza izanik iraunkortasuna deitzen dugun mahai horren oinarrietako bat da.
Hori guztia kontuan hartuta, begirune osoz, eta profesionalek egindako lana zalantzan jarri gabe, badakigu azken erabakia, halabeharrez, « irentsi » egin beharko dutela plaza inguruko bizilagunek, groseko bizilagunek, eta maila apalagoan, gainerako donostiarrek hurrenez hurren. Kasu honetan, eta beti ere gure iritzi apalean, bozketa prozesuak ondokoen artean aukeratzera bultzatzen gaitu:
- indioilarra letxugarekin
- indioilarra patatekin
- indioilar bularrak
Begirune osoz, eta bozkatua izateko aukera ukatu zaion arren, laugarren proposamena zehaztasunez ezagutu arte honela deituko dugu :
Hautapen prozesu honen harira, Haritzaldek berea egiten du hurrengo esaldia :
« Ez galdetu pasta edo barazkiak nahiago ditudan, presta dezagun menua elkarrekin «
Lan hori askoz zailagoa dela onartzen dugu (arduradun politikoek ez dituztela ideia berriak luzatzen ikusirik gure laguntza osoa eskaintzen dugu), baina, aldi berean, aberasgarriagoa ere bada. Auzokideak adina proiektu agertuko lirateke, baina herri partaidetzak ez du ildo hori jarraitzen. Aitzitik, horrela nahi izanez gero, borondatezko eta benetazko herri partaidetza gertatu ostean, gizarte naiz ekonomia baldintza berdintasunean leudekeen proiektuen arteko aukeraketa gertatuko litzateke. Beraz, helburua ez da aukeratzeko parte hartzea, egiteko parte hartzea eta ondoren aukeratzea baizik. Helburu hori aintzat hartuta, laugarren proposamena izango litzateke metodologia hori beteko zukeen bakarra.
Agian, arazo nagusia da menua elkarrekin prestatzen badugu azken erabakiak fisikoki naiz metaforikoki azpian dagoen aparkalekuaren proiektua ezkutatuko duela. Azken proiektu horretan ez dago inongo aukeraketa ahalmenik (ez dut egun batetik bestera milaka hauteskunde prozesu egon daitezela proposatzen), eta gutxiago oraindik, informaziorik egongo.
Parte hartu duten guztiak zoriondu nahiko nituzke, batez ere, borondate osoz iradokizun inprimakiak bete dituztenak. Izan ere, azken horiek bi baldintza betetzen dituzte, sukaldariak dira (hoberena nahi dute beraien auzorako edo plazarako) eta jankideak dira (plaza edo auzoa beraiena dela sentitzen dute). Bitartean, eta eguberriak gainean ditugula, nahi izanez gero : indioilarra jan.
Marko Sierra
Haritzalde Naturzaleen Elkartea
|